Pago gazteen artean sartu naiz, herriko mutiko taldeak gogorarazten dizkit, kanpotik etortzen den edonori sarrera oztopatzen. Lehenengo pago txikia eskuarekin aldentzen dut eta askatzerakoan, ondokoak mugiarazten ditu, nire buru gainean bere hostoen ur guztia askatzen, goizeko izotz zuriak basoa blai utzi du eta bere barnetik busti gabe ibiltzea oso zaila da.
Eguzki izpiak Antzeriko pagadien goiko adarren artean aspalditik sartzen dira eta, hotza egiten badu ere, Zilbetiko paisai eta basoak gozatzeko egun paregabea izanen dela itxura du.
Herria, dagoeneko, oso urrun dago eta pista batetik puska bat ibili eta gero, basoko indar guztia sentitzeko bere barnean sartu naiz. Pagoez elikatzen den lur batetik pagoak sortzen dira, pagoak babesten dituen zeru batean, geziak bezala, pagoak sartzen dira eta guzti hauen erdian ADI mendia dago, bere maldetan baso erraldoiak kokatuak daude eta hauetan oreinak, basurdeak, orkatzak, urtxintxak, …. eta, zerurantz begiratzen badugu seguru sai arreak ere ikusiko ditugula.
ADI mendiak, iturburu eta errekatxo gainezka, leku guztietara jarraituko gaitu, inguruko guztiahalduna delako, hainbat momentutan basoko adar arteak besterik ez dit ikusten uzten, dena den soilgunetan bere gailurra oraindik zuritua eta dirdiratsua agertzen da. Azkenean aldapa handi batetik berriz pistara itzultzen naiz eta justu aurrez aurre, “Gernika”, hasieran zuhaitz margotuak besterik ez dira, hauetan Picassoren margolan ospetsuaren puskak aurkitzen ditut, gero azalpenak ematen dituen kartelera hurbildu ahala, bere erdian dagoen zulo batek bere barnetik begiratzera gonbidatzen zaitu, miresgarria ¡, margolana Antzeri basoko pagoen artean ezin hobea pairaturik eta den bezala ikus daiteken toki bakarra da.
Lan hau, Picassoren margolana bezala, erasoa, suntsiketa, ezintasuna eta bidegabekeriaren aurka salaketaren oihu bat da. Kasu honetan inguru honek, Europak eta Nafarroak izendatutako babes bereziko zonaldea, MAGNAk, UPNko Gobernuaren laguntza guztiekin , harrobi handi baten bere proiektua aurrera eramaten badu, jasanen duen erasoa; milaka eta milaka pagoak eta beste motatako zuhaitza eta zuhaixka babestuen suntsiketa baita animalien espezie asko ere; makineria espekulatzaile hori gelditu ezinaren ezintasuna, botere ekonomikoan babesturik gure ahaleginei esker aberasten dira eta denok jasan behar izanen dugun bidegabekeria eta bereziki Zilbetiko biztanleek, bere etxeko atarietan erasoa, suntsiketa eta ezintasuna ere jasan behar izanen dituztela.
Baina oraina bizi eta artelan hori goza dezagun, natura erdian, egun eder bat ere goza dezagun eta dena berdin jarraituko duelakoan artelan hau xahutzen, denbora pasatzea ardura dadila eta guk bitartean, aitzinetik egin den bezala, pagadi hauetatik ibiltzen eta gozatzen jarraituko dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina