2014/11/19

ERRANDOKO (Leire) MENDIZERRAN, ARTZAREN PASABIDEA ETA KASTELAR.



Leireko monastegian hasi gara gure gaurko ibilaldia, baina egindakoa kontatu baino lehenago, oso interesgarria den SAN VIRILAREN kondaira azalduko dut.

Leireko monastegitik, 850. urtean Virila izeneko Abade bat paseatzera atera zen, betikotasunaren dilemaren gainean gogoetak egin nahian. nola posiblea zen betikoki bizitzea aspertu gabe eta bere gogoeta sakonetan monastegia inguratzen dituen bidexketatik sartu omen zen bere erantzuna aurkitzeko eta Errando mendizerrako toki honetan, liluraturik, urretxindorraren txistua entzuten lo seko gelditu zen. Modu horretan bere izena duen iturrira iritsi zen eta han milagroa gauzatu zen. Esnatu zenean eta monastegira itzuli zenean, fraidekin topo egin zuen baina inork ez zuen ezagutzen eta hauek beste abitu desberdinak janzten zituzten. Bere istoria entzun eta gero aintzineko paperetan bilatu zuten eta Virila izeneko Abade bat aurkitu zuten, baina 300 urte lehenago!.
Egia da Antso Nagusiaren garaian,  Virila, Leireko Abadea izan zela eta bere erlikiak monastegian bertan daude.


Hasteko, nondik datoz Leire eta Errando izenak?. Leire monastegiko izena da eta mendizerrari izena eman dio, ikerketen arabera "legionario" izenetik dator. Errando, mendizerrako Lando izena duen toki batetik datorrela ematen du. Leire izen zabalduena da, baina izen bat edo bestea izan, mendizerra han egonen da  denontzat.
Gaur Leireko monastegitik Errandoko (Leire) mendizerrako zenbait toki ezagutzera hurbildu gara. Lehenengoa artzaren pasabidea, izena baduela nahiz eta paso ez izan, ezagutu dugu, paretan zulo handi batek bi arku erraldoi osatzen ditu. Bigarrena Kastelarreko gaina, begiratoki eder bat. eta azkena bi toki hauetara joateko bidea, errege abelbidea, Erronkaritik eta Bardeetara ardiak joateko milaka urtetan erabili den bidea.
Monastegiko aparkalekutik eskailerak igo eta pista jarraitu ordez, aurrean dugun etxe batera hurbiltzen gara, han marka zuri ta gorriak badaude eta GR-13 bidetik sartzen gara, hau Erronkaritarren abelbidea da. Oso bide itzaltsua da, arteek, edonon eta batzuk erraldoiak , bideari giro aparta ematen diote, gaur ere ezetasun handia eta freskotasuna badago.
Galtzea ia ezinezkoa da, abelbidea besterik ez baita jarraitu behar, horrela "La Cerrada" lepora iristen da. Handik bidea pixkabat segitzen da munarriek eskuinalderantz bidea adierazten duten arte, handik bidexka badago eta zenbait tokitan galtzen bada logikoena segitzen dugu.
Momentu batean bidea eskuinaldera jotzen du eta asko jaisten da, segitzen bagara pareta zulatua aurkituko dugu, toki ikaragarria eta polita, bainan kontuz!, biderik ez dago pasatzeko, agian artza-hegalaria pasatzen zen zulo horretatik.












Zuloaz gozatu eta gero, ondoan dagoen bere gaina igotzen dugu, baso erdian gaude eta zizak eta onttoak bilatzeko aukera ez dugu galtzen, baso erditik jaisten hasten gara berriro abelbidea harrapatu arte.
lepora itzultzen gara eta handik Kastelar aldera abiatzen gara, bidea ere oso polita da eta gailurrera iristen garenean harrituta gelditzen gara, ikuspegi Pirinio aldera ederra, zuri zuria dago udazkeneko lehenengo elurrekin, Ori menditik Tendeñera mendizerraraino eta Aragoi ibarra aldera ere, Esako urtegia, Zangotza aldera eta Jaca aldera kriston sakonunea eta ere basoak duen udazkeneko multikolorea.
Gurutze handi bat dago bere gainan eta monastegi aldera paretak ikaragarriak, saiak inguruan hegaz ari dira zerbaiten esperoan, gaur gu ez gara bere "espero" hori.













Aski ongi pasatu dugu goiza, espero eta ezagutzen ez nituen tokiak ezagutu ditugu eta bakarrik itzultzea falta zaigu, berriro etorri garen tokitik itzultzen gara, ikuspegiak eguzkiak ematen duen argiarekin aldatu dira eta dena askoz alaiago dago. Azkenean monastegiko tabernan pintxo bat hartzen dugu eta oso pozik etxera bagoaz.