2013/03/31

"LA CABRERA" 1.433 M. IBILALDI BAT ZARAGOZATIK

Aste Santua Morata de jalon herrian zenbait egun pasatzen ditut eta eguraldia oso txarra eman dutenez, tarte on bakarra eman duten egunean ateratzen naiz inguruko mendiak ezagutzera. Kasu honetan Illueca aldera hurbiltzen naiz Sierra de la Virgen ezagutzera. Egia esan ez dut begiratu ezer eta ez dakit ere nondik igo, bidea dagoen ala ez, baina goizeko 8,30etan Gotor herrian nago eta hango gizon bati galdetzen diot ea bidea igotzeko non hartzen den. Justu handik hartzen dela eta kotxez goraino iristen dela esaten dit. 
Niretzat lehenengo kolpea da, baina itxaropena ez dut galtzen. Kotxez Mendizerrara hurbiltzen naiz eta pista egiten duen bihurgune batean, aterpe baten ondoan, kotxea uzten dut, 800 metrotan nago. 
Eguraldia bikaina dago eta hotza ere sentitzen da, baldintzak ezinhobeagoak dira mendian ibiltzeko eta seguruaski galtzeko. Baina galtzearenak bere abentura puntutxoa ematen dio. 

Hor aurrean sartu nintzen basurde bideak bilatzen. 


Orain mapa ikusi eta gero, badakit, “Barranco de la Casona” eta “Barranco de Valdesma” artean dagoen beste “barranco” batetik sartu naizela, sarrera oso polita da bi aldeetan paretak daudelako. Biderik ez dago eta mendi zeharka ibiltzen naiz, basurde lan ederra egiten dut baso zikin bat delako eta toki askotan eta mugitu ezinik gelditu baino lehenago, berriz atzera egin behar dut, eta horrela askotan gertatzen zait. 

Igo bitartean Gotor Herria txikitxen da.

Altuera hartzean begetazioa aldatzen da eta basoa zertxobait zabaltzen da. Igoeran pista batzuk zeharkatzen ditut goian kokatu arte, mendizerra gainditu dut eta orain nire ezker aldera punturik altuena dagoela iruditzen zait eta ez naiz okertzen, Punta de la Cabrerara iristen naiz. 

Ez dakit non nagoen, baina “vertice” geodesikoa dago eta gailurra ematen du nahiz eta buzoia edo izenik ez izan. 

Azkenean jakin gabe Mendizerraren puntu altuenean egon naiz eta kotxez ezin da iritsi edo oso zaila da, ipar-mendebalderantz, 7 kilometrotara gutxi gora behera, “La Virgen de la Sierra” ermita dago, baina ez da “La Cabrera” bezain altua eta gainera antena erraldoiak eta eraikuntzak ikusten dira, beraz oso pozik gelditzen naiz nire igoera honekin. 

Mendizerra gainditu dut eta orain nire ezker aldera punturik altuena dagoela iruditzen zait.

Argazkia Moncayo alderantz.

La Cabrera 1.433 m.

Gailurreko argazkia. Ez nuen inor ikusi ibilaldi osoan.

La Cabreratik "Virgen de la Sierra" ermita eta antenak. Haraino kotxez igotzen ahal da.

Viver de la Sierra alderantz errotek paisaia izorratzen dute.

Moncayo jaun ta jabe agertzen da igoera osoan

“Sierra de la Virgen” maila handiko mendizerra bat da. Ipar-mendebaldetik Hego-ekialderantz luzatzen dena, Aranda de Moncayotik Jalon ibairaino. Mendizerra honek bi adar garantzitsuak ditu, erdikoak “La Cabrera” (1.433 m.) puntan bere tokirik altuena du, eta Valdeleñosetik Mingoarandara zabaltzen da 6 kilometrotako ertz batean. Mendebaldeko adarra “Virgen de la sierra” (1417 m.) “Monte Salcedo” eta “Risco del Gato” alde batetik, gero “El Campillon” jaisten da eta berriz San Cristóbal (1265 m.) mendian sortzen da.
Marra beltza kotxez ibilitako pista eta urdinez oinez igotakoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina