IRURITA 200 M. -ABARTAN 1.095 M. - KATILIKO HARRIA 1.108 M. - ZOKOA 1.181 M. - SAIOA 1.418 M. - ARTESIAGA 990 M. - IRURITA 200 M.
(Argazki batzuk internetetik ateratakoak dira, Beltrirenak)
Egunsentia susmatzen da orain dela gutxi goizeko 7:30ak izan direlako, eta udazkeneko lehenengo egun hauetan argia izan behar da, dena den Iruritan laino geruza lodi baten azpian dago eta honek, gaurkoa, gau luze bat izan dadin behartzen du.
Berroeta eta Artesiagako bidegurutzean kotxea utzi dut, nire asmoa Saioa mendira igotzea da, bidea ezagutu gabe eta gaur egin nahi dudan ibilbideak, beste mendizaleek interneten argitaratutako trakak ikusi ondoren, zalantza asko sortarazten dit. Horregatik bakarrik etorri naiz, galduko naizela badakit eta mendian zeharka , basurdeak bezala, ibiliko naizela ere bai, baina abentura eta ziurgabetasun sentsazio hauek gehien gustatzen zaizkidanak dira eta horregatik gaur asko gozatuko dudala badakit.
Belateko mendatea jaisten eguna garbia ikusten da eta Baztan ibarra odei itsaso batek estaltzen du, eta badakit, ibilaldian, 200 metro igo eta gero iluntasunetik egun eguzkitsu batera pasatuko naizela. Hala ere poliki noa eta oso motel mugitzen naiz, bidean argitasun pittin bat izan dadin.
Bide batetik ibiltzen hasten naiz, bidea oso tentea da eta Zigaurre hurbilera iritsi arte ez du amore emanen, hemen nire lehenengo duda-mudak hasten dira, bide bat hartzen dut baina, ez!, beste bat eta berriro itzuli, azkenean ona iruditzen zaidan bide bat hartzen dut eta arazorik gabe Arrandegiko bordara iristen naiz, hemen bide ona utzi behar dudala badakit eta eskuinera doan beste bat jarraituko dut. Dagoeneko egunak hobetu du, eguzkiak goian dirdira handia egiten du eta lainoak behean atxikiturik gelditzen dira, ibilaldi osoan ikuspegi ederrak gozatzeko parada uzten.
Bordatik bide berrian sartzen naiz asmatu dudala pentsatzen, baina beti bidegurutzeetan duda-mudekin, dena den nire instintuak ongi eramaten nau eta ibilbidea ikasten nuenean ikasitako puntuetatik pasatzen ari naiz. Beste borda batera iristen naiz eta bidea erabat hego alderantz biratzen da eta gorantz oso tente doa GR markak dituen pista on batekin bat egin arte. Honetatik ibiltzen naiz pagadi batekin aurrean izan arte, basoan sartzen naiz eta berriro itzuli, ez dakit nondik jo, berriro sartzen naiz baina bidea uzten dut eta zeharka noa bide ona berriro aurkitu arte, berehala Abartan Saioa mendilerroa argi ikusten dut eta nire arazoak bat batean desagertzen dira eta goi belardiak, nire aurrean, zabaltzen dira.
Hemendik aurrera dena askoz errezagoa da, mendia begi bistan da eta iritsi ahal izateko oztoporik ez dago, Abartan igotzen dut eta ederki gozatzen dut ikuspegiekin, eguna oso ona da eta tenperaturak ere gustura ibiltzeko laguntzen du, ibarretako herriak oraindik lainopean ezkutaturik daude, nki Saioarako bideaz gozatu besterik ez dut eginen. Zerbait edan eta jaten dut denbora gehiegi galdu gabe, ibilaldia luzea da eta etxean bazkaldu nahi dudalako.
Abartenetik gustuko belardi batetik jaisten naiz, beti Saioara begira, mendilerro eder honek kasko txiki batzuk osatzen ditu, Elorregi eta Olariaga inguratzen ditut eta zuzenean gorantz jotzen dut, hasieran belardi batetik eta gero harri pusken artean Katilo Harrira iritsi arte, une txiki bat nire ingurura begira eta ikuspegiaz berriz gozatzeko eta zuzenean lepo zabalerantz jaisten naiz Zokoa segidan igotzeko. Igoera motzak dira baina oso zuzenak, taupadak igoarazten dituztenak, baina beti poza handia sentitzen dut kaskoak zapaltzen ditudanean.
Aurrean inguruko erraldoia besterik ez zait gelditzen, Saioa, mendizale askotako helburua, baina gaur horrela ez da, gaur bakarrik nago mendian, sarritan ibiliak diren tokietan zaudenean, bakardadeak emozio puntu bat ematen du, alde guztietarantz begiratzen dut eta mendiak eta ibarrak ikusten ditut baina ez norekin konpartitzeko, guztia nirea da, denbora gelditu balitz bezala sentitzen naiz eta poza handiko uneak oparitzen dizkit.
Saioako igoera oso atsegina da, tapiz berde batetik kaskoraino, non ardiak ere, hemen nagoela, ez dira ohartzen, berriro Saioan, beste bat gehiago eta badira ehun, berrehun, …., kontua aspaldin galdu nuen, baina lehenengo eguna bailitzan gozatzen dut. Pirinioak bere lehenengo elurte handia jaso du, aparteko zerbait da irailean gaudelako, basoek oraindik kolorea ez dute aldatu nahiz eta udazkenean egon, Adi mendia beti gainetik, Xuriain, Belate, Andia, Aralar, Mendaur, itsasoa, …., hemendik ikusten diren toki guztiak aipatzea ezinezkoa da, baina nire barnean eramaten ditut gozatzen segitu ahal izateko.
Xuriain
Ibilaldiaren erdia egina dago, itzulera falta da baina ez dut kontatuko gutxi kontatzeko duelako. Baina zenbait datu interesgarriak emanen ditut: Iruritatik goizeko 7:45 etan atera naiz, Saioara 11:05etan iritsi naiz, Iruritara berriz 14:00etan eta hau 27 kilometrotako eta 1500 metro inguru dituen ibilbidean.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina