2011/09/28

MALLOAK, MENDIZ MENDI ZEHARKATUZ

Aurtengo udaberrian Gaintzara joan nintzen eta ezagutzen ez nuen zeharkaldi eder bat egin nuen, nirekin Javier ere etorri zen eta biok Gaintzatik Intzeko Dorrea edo Irumugarrieta igo genuen, gero Balerdiraino kasko guztiak igotzeko. (Argazkiak ikusteko, "ibilaldi batzuk" klikatu)
Atzo, ordez, bakarrik Aralar aldera joan eta Lartegaintzetatik ateratzen den bidetik, Bioznako bordetara hurbildu nintzen. Bere gainean mila metro baino gehiago duen Malloetako lehenengo mendia dago, Gaztelu hain zuzen. Mapetan agertzen diren Txurtxur eta Kasamongo honen mendi-adarrak besterik ez dira.
Gaztelura aupatu nintzen eta hortik segidan kasko guztiak (edo ia guztiak) zapaldu nituen. Kasu honetan Intzeko dorreraino egin nahi nuen, baina denborarik ez nuen eta aurrekoan bukatu nuen, Beldarri kaskotik berriz kotxeraino itzuli nintzen.
Aurten uda luzatzen ari da eta izaten ari garen egunak oparitzat hartzen dut eta horregatik aukera ez galtzen saiatzen naiz, zeru oskarbik eta tenperatura gozoak pisu gutxirekin ibiltzeko laguntzen dute.
Oso gutxi ibili naiz mendikate honetatik baina etxetik duen hurbiltasunak maiz joateko eskatzen du.
Igo-jaitsieraren festa handi bat da sentitzen dudana nire inguruko paisaiaz eta txoko ederrez gozatzen dudan bitartean.
Buzoi berdina duten bi mendi badaude, Alborta eta ondoan dagoen Ttutturre mendia, horregatik Alborta nengoela Ttutturre zela pentsatu nuen baina Ttutturren zalantza argitu zitzaidan.
Hemen zeharkaldia nola den ikusteko bideo bat uzten dut.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina