2013/06/26

DIABLO ZULO, Deabruaren erreka eta uraren harmonia ...

Aspalditik sakana bat jaisteko gogoak nituen eta Atzo Karmelok deitu zidan ea Monrealera joan nahi nuen hango sakana jaistera. Aken sakana jaitsi nuenetik ia 12 urte pasatu dira eta berriro hara joateak  gorputz osotik zirrara bat eragiten dit eta urduritasun piska bat ere.
Pista batetik erreka zabaltzen den tokiraino hurbiltzen gara, han kotxe bat utzi eta bestearekin pista batetik gora. Akenean pista oso gaizki dago eta azken metroak oinez egiten ditugu sakanan sartzeko. Pistan harri pilo batek nondik jaitsi behar den markatzen du eta konturatu gabe uretan gaude.

Diablo zulok edo Ixostiak normalean ur gutxi darama, baina aurten egin duen eguraldiarekin baldintza ezin hobeagoak aurkitzen dugu, ur garbia eta gardena, eta ur-emaria pefektoa da. Eguraldia ona da, eguzkiak jotzen du baina ipar haizea berotzen oraindik ez dio uzten.

Biok oso azkar ibiltzen gara, nahiz eta argazkiak eta bideoa grabatzeko denbora asko galdu. Rappelak bata bestearen atzean kateatzen dira eta azkenean kontua galtzen da, asko daude eta tamaina guztietakoak. Batzuk 5 metrotakoak, bneste batzuk 20 metro edo gehiago eta uste dut 35 metrotako bat dagoela, dena den hain luzea nik ez dut ikusi.

Beheko partera iristen garenean epeltasuna eta argitasuna sumatzen dira, oso gutxi falta da eta azkenean errekak bere bidea segitzen du eta gu galsoro batean agertzen gara, eta hor ondoan gure kotxea. Hau da luxu bat, iritsi kotxera ibili gabe eta eguzkia lagun gure neoprenoak kentzen dugun bitartean.

Azkenean udako goiz handi bat izan dugu, ...hau bezalako ateraldiak nahi ditut!










2013/06/12

PUTTERRI 1299 m. UDAREN LEHENENGO ATZAPARKADA


Orain gutxi 1700 metroetan elurra botatzen ari zen eta gaur Burlatan 30 graduetara iritsiko gara.
Eguraldia erotu da, eguraldiak ere erotuko gaitu. Gehiago posiblea bada.

Putterrik halako egunetan zerbait ona du, egia esan, onak, gauza asko du. Gaur bere pagadia eskertzekoa da, bere baitan freskotasuna ez da galtzen eta gustura ibiltzen da.


Gaur jendea mendi honetara ez etortzeko gelditu da eta horregatik igoeran eta jaitsieran bakarrik nago, beno, Dersu Uzalari kasu egiten badiot, jende asko zegoen inguru honetan. Adibidez pagoak, hauek milaka edo hamar milaka, ez, miloika daude.
Gaur ere orain arte agertu ez diren jende berri bat dago, hauek eltxoak dira, eta eltxoen familia edo espezie pilo bat ere. Ez dira oso atseginak bainan bere etxean daude, aguantatu behar!


Egun sargoritsu honetan liluratuta gelditu naiz koloreekin, kontrasteekin, berdeak, marroiak, urdinak eta lore txikien kolore horiak, urdinak ......

Eguzkia erruduna da. Gaur adar eta ostoen artean sartzeko borrokatzen ari da eta naturan bezala bakarrik izpi indartsuenek lortzen dute eta basoari bizitza ematen dio eta kolorea ere eta kontrasteak eta epeltasuna eta niri handik ez ateratzeko gogoak ere.


Goiko pago hauek jakintsuak dira, toki hoberenean daude eta nork bere espazioa du. Lurra ezea eta aberatsa.



Goiko hauek ez dira hain jakintsuak, harrien artean kokatu dira eta horregatik indartsuagoak dira, 


Hemen harriek eta pagoek bat egiten dute, seguruaski hitzarmen batera iritsi dira eta pagoek harriei babesa ematen diete, eta harriek pagoei egonkortasuna edo harriek eta pagoek elkarri izorratzen diote.



Hainbeste pajeo buruan eta konturatu gabe gailurrera iritsi naiz, hemen bai, kuete batek gora segitzeko bidea nondik dihoa adierazten dit, hala ere, momentuz gorago ez dut joan nahi eta nire jende faboritoa ikustea nahiago dut, MENDIAK.


Beriain mendizerra, Euskal Heriko desnibel handienetariko bat, harro eta probokatzaile. Berandu baino, goiz bisita eginen diot.


Alde honetan Lizarrusti, eta urrunean bainan hurbil, Aitzkorri mendizerra, Gorbeia, Anboto, ....
Oso jende majua da, bainan bisita egitea garestiagoa da (ez diruz). Orain inguruko nagusia edo munduko nagusia sentitzen naiz eta nagusi on bat bezala bisita egitea ere pentsatzen dut.


Malloak negu gorritik orain gutxi esnatu dira eta oraindik elur tanta batzuk  badute. Goian Aldaon puntak Balerdi ikaragarria ezkutatzen du.
Azpian Intzako Dorrea edo Irumugarrieta, alde honetako erraldoia. Hemendik belardiak puntetaraino igotzen dira bere festa eguneko kolore berdez. Gaintzatik zailagoa dute, pareta eta aldapa ikaragarriek zailtasun pilo bat jartzen baitute.

Beste alderantz, Txurregi, Gaztelu, Peña Izaga eta beste batzuk itzaltzen dira, kolorea galtzen dute eta denak difuminatuak ikusten dira. Mendi hauek eta haiek ez dute zer ikusirik, agian hara hurbiltzen banaiz hemengoak ere itzaliko dira. Joe! ze zaila den!

Hainbeste pentsamendu burutik pasatzeaz burusoila gelditu naiz. Beno gutxienez, gaurko egun sargoritsuak goiz on bat eskaini dit. Mila esker anitz


2013/06/04

BERRIZ PANTICOSA. FENÍAS 2.845 m.

Fenias zirku glaziar batean kokatzen da, Argualas eta Algas azpian, horregatik ez da hain ezaguna, hirumila hauek itzala handia egiten diotelako. Zirku glaziar honek zenbait kasko edo puntak dauzka, altuena Algas eta Argualas ondoan dago eta 2.900 metrotik gora du, gero edian Fenias Central  (2.845 m.) dago eta hau eskiz igotzeko errezena eta bisitatuena da, zerbait hegoalderantz jotzen Fenias edo Garmo Fenias bajuena da.

Ekainan burubelarri sartu gara eta oraindik elur nahikoa dugu gure zaletasuna gozatzeko. Berriro ere Panticosara hurbildu gara Martin, Iñaki, Rafa eta Ni. Azken egunean Piniecho aldera joan ginen eta gaur beste aldera jo dugu eta Fenías, ezagutzen ez nuen mendia, egin dugu.
Gaur bero handia jo du egun osoan eta elurra oso biguna aurkitu dugu hasieratik. Azken ateraldietan bezala berandu hasten gara igotzen eta 9,30etan dira bizkar zorroan eskiak jarrita igotzen hasten garenean. 
Ordu erdi luze ibili eta Mallata bajan elurra aurkitzen dugu fokekin hasteko. Handik goraino elur pilo bat aurkitu dugu, oso toki babestuak dira eta elurra oso ongi mantentzen da, baina bere alde txarra ere dauka, bero ikaragarria ere egiten du, haizeak ez du jotzen  eta gailurrera iritsi arte ez dugu haize freskoa gozatzen.
Tokia espektakularra da, Argualas beti gure gainean dago nork agintzen duen erakutsi nahian, baina politena esperoan dugu gora iristen garenerako, Hango ikuspegi ederra, Tena ibarra, Partacua mendizerra et ahandik Nafar pirinio aldera.
Jaisteko kasu handiz ibili behar da elur jauziak direla eta, oso toki aldapatsuak dira eta azken egunetan botatako elur berria oso errez joaten da beherantz, oso astuna dago elur berri hori, behean elur zaharragoa aurkitu dugu eta honetan bai, zintzo portatzen da eta segurua eta ona da eskiatzeko.












Eskuinean duela 10 egun egin genuen Piniechoa
 







Atsedena Argualas azpian.