Atzo Maladeta igo genuen eta falta zen taldea Benasquera iritsi zen C.A.F.en plana gauzatzeko. Frantziako 3 lagun etorri ziren eta hasierako plana Maladetako bira egitea izan bazen ere, gehienek Anetora igotzea zela uste zuten.
Hori izan zela eta, gaur igandean, La Besurtara berriz hurbildu gara eta 2 talde egin ditugu. Alde batetik Frantziakoekin batzuk Anetora joan dira eta beste bat Maladetako bira egiteko asmoz atera gara.
Eguraldia hasieratik txarra, atera baino lehen La Besurtan euria bota du eta bidean ere txaparrada batzuk jaso ditugu. Azkenean portatu da eta nahiko ongi egon da bukatu arte.
Elurra atzo bezala "arraindegikoa" baina eskiatzeko moduan, dena den Cregüeña Ibonetik Aragüels lepora iristeko kontu handiz pasatu dugu elurraren baldintza txarragatik.
Ibilbidea oso polita eta interesgarria Maladeta mendikatea ezagutzeko eta Aneto dagoen jendetzatik aldentzeko ere merezi du.
Bira hau egiteko fondo piska bat izan behar da luzea delako. 20 kilometro inguru eta 2.000 metro desnibela du.
Aukera badago Aneto gailurra egiteko, "Coronas" lepotik edo Estasen korridoretik. Hori egitea, pastelari ginda jartzea da.
|
Alba lepoa gertu daukagu, jasan genuen euriak plan zalantzan jarri zuen. |
|
Zerua iluna eta odeitsua egon zen ia egun osoa. |
|
Alba lepoan gaude, Posets garbia ikusten da. |
|
Eskiada ikaragarria izan dugu Cregüeña Ibonera iristeko. |
|
Gure gainean urrengo helburua, Aragüels lepoa. Elurreko baldintzak ez ziren oso onak. |
|
Aragüels lepoan eta gainean gailurra, beste hiru mila. |
|
Coronaseko Ibonetara jaisteko ere eskiada ona zegoen. |
|
Aneto bizkarzaina izan genuen Aragüels lepotik. Hemen, Coronas Ibonean, zerbait jateko eta fokak lehortzeko aprobetxatu genuen. |
|
Zerua ireki zen eta eguzkia zertxobait gozatu genuen. |
|
Coronas lepora iristeko ere Anetora hurbiltzen gara |
|
Berriro lepoa baino lehenago eguraldi txarra mehatxuka. |
|
Iker prest dago Coronas lepoa gainditzeko, trepada errez baten bidez. |
|
Coronas lepoan gaude ezkerrean Aragüels oso ongi ikusten da. |
|
Iñaki eta bere atzean Anetoko glaziarra, jaitsiera ikaragarria. |
|
Azkenean Aiguallutsera iritsi eta oinez La Besurtara. |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina