Mendira joaten hasi nintzenetik, 13 urte nituelarik, ohitura txar bat
izan dut, egin eta sentitu dudana idaztea. Orokorrean ez dira idazki luzeak
izan, baina batzutan bai, baina urteak pasa eta gero gogorarazten dit pasadizo
bakoitza edo igoera bakoitza.
Atzo argazki eta paper zaharra ikusten, nire Anetoko lehendabiziko
igoera aurkitu nuen. Ni etxe inguruko mendietan ibiltzen nintzen eta pirinioak
ur handiak ziren niretzat, ezbairik gabe, espedizio handi bat izan zen
niretzat. Horregatik berridazteko eta argazkiekin batera blogan jartzeko gogoak
izan ditut. Garai hartan 15 urte nituen eta mendian oraindik experientziarik ez
nuen, baina nituen gogoekin oztopo guztiak gainditzen nituen.
Ateraldi honetara Perico, jende erdeinatuarekin konprometitutako
jesuitaseko apaiza, Javi Arregi, Pedro Txokarro eta Antxon Zamarbide ni baino
bi urte gehiagoko Jesuitaseko ikasleak eta ni joateko bildu ginen. Ikastetxe horretan
mendiko klub bat muntatu genuen, ALTXABE izenekoa, eta kurtsoan zehar ia
astebururo mendira ateratzen ginen.
Aneto Portillonetik |
“Ekainaren 30ean goizeko 7etan Iruñetik ateratzen gara, Benasqueraino
bidai luze bat egiteko, Aneto igotzeko asmoz. Perikoren 4L.a (Renault 4)
betetzen dugu eta ateratzen gara, dena oso ongi zihoan Puente la reinara iritsi
arte, Guardia Zibilak geldiarazi gintuzten tokia (gaur egun ohitura horrek
segitzen du). Bizkar-zorroetatik dena atera behar izan genuen miaketa sakona
eiteko.
Azkenean ere, Jacara iristen gara, gosaltzen
dugu eta material guztia antolatzen dugu, justu momentu horretan Periko mendiko
botak Iruñean ahaztu dituela konturatzen da. Goizeko 9,30 edo 10ak ziren eta
Pedrorekin itzultzen da, gu hirurok bitartean (Javi, Antxon eta ni) gotorleku
ondoan etzandatu ginen itxoiteko.
Ordubatak jo zuen eta oraindik iritsi gabe, gero
ordubiak eta geroago hirurak. Azkenean laurak aldera iritsi ziren. Kotxea
hondatu zitzaien eta tailer batera konpontzera eraman behar izan zuten.
Benasque aldera atera ginen eta dena ongi
zihoan Cotefablo mendatea hasi arte, Pericoren kotxea berotzen zen eta ezin
zuen igo, hortaz Pericok kotxean bakarrik igo zuen eta gu laurok oinez (ah! ze garaiak!). Gora iristen gara
eta bertan biltzen gara, auto-stop egiten dugu Benasquera joateko. Kasualitatez
klaseko lagun baten aita bat gelditzen da eta honek Castejón de Sos herriraino
eramaten gaitu, Benasquetik gertu. Bidearen erdian 4L-an zetozen Perico eta
Pedroren zai gelditzen gara eta azkenik 4L-an denok montatzen gara eta gau
ilunean eta nekatuak Benasquera iristen gara. Benasqueko hotel batean Antxonek
bere aitaren pakete bat utzi behar zuen, zorionez, bi gela gaua pasatzeko uzten
dizkigute.
Heldu den egunean, 31an, oso goiz altxatzen
gara eta lehenengo bidai batean, zama guztia kotxean, Antxon, Periko eta ni
“los Baños” aldera ateratzen gara, gero
beste bidai bat besteak ekartzeko.”
Hemen parentesi bat eginen dut, Anetora joateko bidea oraingoa bezala ez
zelako. Kotxez Baños de Benasqueraino (1680 m.) igotzen zen eta handik bide
batetik, Alba mendiko mendebaldeko maldatik,
Hospital de Benasque inguruan agertzen zen. Gero, orain dagoen
errepidetik, Besurta aldera joaten zen, baina lautadako bukaeran eta Besurtara
igo baino lehenago, eskuin aldera igotzeko aukera zegoen eta La Renclusan
agertzen zen.
Antxon, Javi, Perico eta Pedro. Llanos del Hospital eta gero, garai hartan errepiderik ez zegoen. |
“Han gosaria berotzen dugu eta janaria eta materiala banatzen ditugu.
Ibiltzen hasten gara atsedenalditxoren bat noz behinka egiten eta La Renclusara
iristen gara, ia 4 orduko ibilbidea. Bazkaltzen dugu eta arratsalde osoa
deskantsatzen pasatzen dugu. Tokia ikaragarria iruditzen zait, gure gainean La
Renclusa mendia, aterpeko babeslea bezala, ekialderantz Maladetak, 3.000
metrotako mendi bat hain hurbil eta hain eskuragai inoiz ez dut izan orain
arte, nire argazki makina (voigtlander) daukat eta alde guztietara ateratzen
ditut, Maladetako glaziarra ikusten da eta pitzaduraren bat ere.
Iluntzen hasten zelarik piolet-erratza
praktikatzera mugitzen gara, gertu elur nahiko ikusten dugulako. Gauean ia ez
dut ezer lorik egiten, oso urduri nengoen eta biharamunean besterik ez nuen
pentsatzen, 3.000 bat igotzea ezin nuen asmatu zer zen.
Uztailaren 1ean altxatzen gara eta goizeko
8etan, aterpean zegoen katalandar talde batekin, eta aterpeko bi zakurrekin
(mastin del pirineo) martxan jartzen gara. Igotzen hasten gara eta zakurrak
beti gure aurrean bidea adierazten digute, gezurra badirudi ere oso ongi
prestatuak zeuden jendea eramateko eta
inor galdu ez dadin. Elurtegi oso gogorrak zeharkatzen ditugu eta ostikadaz
oinatzak egiten ditugu. “Portillon inferior” lepora iristen gara eta azkenean
Aneto eta zeharkatu behar dugun glaziarra ikusten da, gelditzen gara eta mokadu
bat jaten dugu.
Portillon lepoa pasatu eta atseden txiki bat egiten dugu. Pedrok zatoari kasu egiten dio. |
Azkar ateratzen gara berriro lehenbailehen gailurrera iristeko.
Oso baldintza onean dagoen elurrez estalitako glaziarretik ibiltzen gara
Coronas lepora iritsi arte. Azken aldapa gora elur oso gogorrekin igotzen dugu
Paso de Mahomara iritsi arte, hemen bizkar-zorroak uzten ditugu eta kontu
handiz zeharkatzen dugu. Gailurrean gaude. Eguraldia oso ona da eta Posets,
Vignemale eta hirumila guztiak ikusten dira.
Niretzat, 15 urtekin, mendizale bezala helburua
edo helmuga lortu dudala iruditzen zait, dena den inguruko mendi guztiak
ikusten helmuga ez dela esistitzen konturatzen naiz. Gailurran ume bat bezala
gozatzen dut, ikusten diren mendiak oso azkar ikasten ditut eta helburuak
bihurtzen dira.
Bizkar-zorroak dauden tokira itzultzen gara eta
zerbait jaten dugu, gailurrera iristea 4 ordu inguru kostatu zitzaigun. Jaisten
hasten gara piolet-erratza egiten baina
ezinezkoa da, elurra oso txarra delako.
Batzuk Maladetara joaten dira eta gainerakoak
aterpera itzultzen gara. Momentu batean nire beharrak egiteko bidetik aldentzen
naiz eta itzultzerakoan bidea galtzen dut, bat batean aterpeko mastin bat
hurbiltzen zait eta besteekin eraman ninduen, harritzekoa!. “Portillon
inferior”etik elurtegi handietatik jaisten gara, orain bai erratzaz,
aterperaino, gure lagunak etorriko diren zai.
Bapo jan eta gero, atseden ederra ere hartzen
dugu, lasai “Baños de Banasque”ra jaisteko, kotxea hartu eta Benasquetik gertu
dagoen txopera batean gure kanpadenda montatzen dugu. Gero herrira bagoaz eta
taberna batean txokolatada on bat hartzen dugu lo hartzera joan baino lehen.
Espedizioaren arrakasta eta gero hemen gaude 5 espedizionarioak. |
Gauean eta lo hartu baino lehenago, behin eta
berriro igoeraren irudiak burura etortzen zaizkit, Aneto ez dakit zenbat aldiz
igo eta jaisten dut lo egin baino lehenago, baina beste mendi batzuekin amesten
hasten nintzen. ”